EUSKARALDIA MARTXAN !

ARGI BERDEAK

Xan Aire - Euskaraldiaren dinamizatzailea (BERRIA 2020-11-21)

Euskaraldia, ezeztatu? Horixe baizik ez diagu falta!». Hats luzeko emazte euskaltzale horren hitzek adierazi dute bizinahi berezi hori. «Euskaraldia ezeztatu, eta zer duk ondoko etapa: irratia itzaltzea?». COVID-19ak, konfinamenduek, argi gorriak piztu dizkigute denetan, sudur azpitik plazara. Batzuen postura argi dago: segitu nahi dute euskaraz irriz eta haserretzen, eta Euskaraldia eginen dute, ahal den heinean, izena emanik azken-azken unean, batzuetan kontrabandoan.

Ipar Euskal Herriko herri batzordeen xinaurri lanari esker, 500 bat entitate zerrendatu dira, zeinetan euskaraz aritzen ahalko den. Ariguneak ongi etorriak zaizkie anitzi, bide batez indartuz Euskal Monetak edota Bai Euskarari ziurtagiriak hasia duten lana. Baina herri erdaldun batzuetan, dramatikoa izan da ariguneen arrantza: batzuetan bakarra. Gordin atera zaie ohartzea eguneroko toki gutitan lasai mintza daitezkeela euskaraz. Arnasguneak, xumeak baina funtzionalak, sortu beharko dituztela ondorioztatu dute, irauteko.

Barnealdeko eskualde batzuetan, aldiz, arigunea estakuru ederra izan da normalean euskararen mugimenduan ikusten ez den jendea hunkitzeko: garagista, okina, dentista... beren heinean inplikatuko dira. Baina herri euskaldun horietan ere alarma gorri zenbait piztu zaizkie: zabaldu berri diren jatetxe eta saltoki gehienak jende erdaldunek atxikitzen dituzte. Pentsakor utzi ditu, Herriko Etxeak galdekatuz: nola konbinatu gure plaza eta karriken biziberritzea euskararen erabilerarekin?

500 arigune euskara erabiltzeko 500 argi berde direlako, konfinaturik ere. Ez gara zerotik abiatzen. Bagenekien, baina ikusi behar genuen. Euskara egunerokoan ulertzea bezala da: bidearen puska ederra egina da. Ulermenaren giltza, belarriprest edo ahobizi izateko oinarria. Bidea markatzen duen arnasa, konfinaturik ere. Jendeak nagusiki ahobizi gisa eman du izena: geroak erranen digu postura urratzaile batekin abordatu duen ariketa, ala pedagogia lanetan higatzen segitu beharko dugunetz ondoko aldian ere.

Dena den, txapek ere argi berdearen funtzioa dutela barneratua dugu, eta batzuek esperimentatu nahi izan dute hirugarren profila beren egituran: Euskaraldia berenganatzen ari direlako seinale, eta erdaldunen babesa beharrezko dutela, euskara gehiago egiteko. Babes behar hori ez da zerutik heldu, eta zaindu beharko dugu erdaldunak ez konfortatzea «I love euskara» postura batean: euskararekiko inertzia askatu, eta ikasten hasi edo segitzen motibatzea.

Baina oraindik berde gaude erdaldunekiko diskurtsoan, instituzioekiko lankidetzan berde gauden bezala. Euskaraldiaren biharamunak ekarri beharko du hainbat esperimentazio, hainbat mikro euskara plan, 2022ko edizioa prozesu horren ondorio borobila izan dadin. Bidean funtsezkoena ahantzi gabe: betikoa, giroa, herri giroa, dudarik gabekoa, pizten gaituena, euskaldun gisa, konfinaturik ere. Nola antolatuko gara?